jueves, 26 de noviembre de 2009

BARBIE LEHEN ETA ORAIN, 60. HAMARKADA

Modu askotan ezagutu izan da bera. Amerikar emakumearen isla perfektua dela esan ohi dute batzuek, ilehori tentel eta emakume guztien lotsa-arrazoia dela beste batzuek. Hainbat feministen eta beste kutsu batzuetako erakundeen kritikak jaso dituen arren, Barbie-k bere 50. Urteurrena ospatu du aurten, denboran zehar, aldaketa politiko, sozial eta kulturalei aurre egin diolarik. Izan ere, Barbie moda guztietara egokitu da, nerabe -eta ez hain nerabeen- gustuetara moldatuz.

Mattel, Barbie-ren merkaturatzeaz arduratu den jostailu enpresa, garaiko kulturaren patroietan oinarritu da bere marketin eta publizitate estrategia diseinatzeko, alegia, badago enpresan Estatu Batuarren -batez ere neskato nerabeen eta beraien gurasoen- atitudeak, nahiak, desirak eta pentsamoldeak ikertu eta lantzen dituen taldea. Hain ona izan da egindako lana, mila milioi dolarretik gorako marka hautsi duela soilik panpinen salmentan. Garbi esan daiteke Mattel-ek arrakasta izan duela bere produktu izarrarekin.

Jarraitu beharreko eredutzat erakutsi nahi izan da Barbie, gurasoek gizartearen eta emetasunaren irudi positibo bezala ikusi dezaten, ez soilik entretenimenduzko jostailu hutsa. Are gehiago, neskatoen imajinazioa heztea du helburu Mattel-ek, panpina beraien etorkizunaren diseinuan lagungarri izango delakoan, heldua izatearen irizpen egokia izatea ahalbidetuko dielakoan. Eta guzti hau gertatu da, aurrerago azaldu den lez, emakume Amerikar batek, bere alabak paperezko panpinekin baino zerbait errealagoarekin jolas zezan nahi izan zuelako.

Barbie-k, emakume amerikarraren bilakaera erakusten du, baina ez hori bakarrik, gizarte oso baten erreferente den lez, gizarte hori bera deskribatzen du, 50 urte hauetan zehar gertatu diren gorabeheren testigu izan baita bera.


Bigarren Mundu gerraren amaieran jaio zen Barbie, 1959. Urtean. Merkaturatu eta hasiera-hasieratik oso onarpen ona izan zuen nerabeen artean. Modaren ispilu bihurtu zen neskatoentzat, ez hori bakarrik, garaiko emakumearen eredu perfektua zen, kontutan izanez gero, noski, garai horretan emakumea zuzenean lotzen zela etxeko andrearekin. Barbie ere emakume liraina zen, eratsua, modan eta ezkontzean soilik pentsatzen zuena, eta hau argi islatzen da Mattel-ek panpina promozionatzeko egin zuen lehenbiziko iragarkian.


Publikoak, ordea, gehiago nahi zuen, eta Mattel-ek, azkar erantzun zuen Barbie-ren aurpegiaren transformazioarekin, izan duen lehen “kirurgia plastikoa” , alegia. Irudi errealago bat eman zitzaion eta orrazkera sofistikatuago batek ordezkatu zuen bere lehen mototsa. Baina, nahiz eta ahalegina egin zen, guzti honek ez zuen arrakasta handirik izan eta enpresak “B” plana jarri zuen martxan 1961. urtean: mutil laguna txertatu zitzaion, denontzat ezaguna den Ken, hain zuzen. Garai hartako umeak bikote erlazioak eta errealitatea uler zezaten eraman zen aurrera pauso hau.

Geroago ohikoa izango zen lez, oraingoan ere kontrako jarrera asko piztu zituen Barbie-ren mutil lagun berriak. Antifeministatzat jo zen, gizonari begira zegoen gizarte baten biktima. Hauentzat, Ken-en ezartze honek emakumea gizonezkoaren menpekoa dela erakutsi zuen, buruaskia ez zela. Baina errealitatean, Amerikar familiaren isla hutsa zen bikotea, eta gizartea ados zegoen honekin.

Hamarkadaren hasieran honetan, politika giro nahasia zegoen Estatu Batuetan. Bigarren Mundu Gerra bukatzeak ez zuen Amerikar giro politikoa leundu, aitzitik, Sobietar Batasunarekin zegoen tentsioa areagotu zen, Gerra Hotzari hasiera eman zitzaiolarik. Hau gutxi balitz, Vietnamekin Gerra ere hortxe zegoen, tentsio politiko hori areagotu zuena. Giro honetan hil zuten Dallas John Fitzgerald Kennedy presidentea 1963. Urteko Azaroaren 22an, eta honek hausnarketa garai bat suposatu zuen amerikar hiritarrentzat, bizitzeko moduak aldatzeari ekingo baitiote hurrengo urteetan zehar.

Barbie neutral mantendu zen nahaspila une honetan, eta, batez ere, Amerikar kontzeptuaren irudi hona islatzen ahalegindu zen. Hainbat arazo izan zituzten Mattel-ekoek, hain nerabeak ez ziren gazteak jostailuarekin jolasten jarraitzen zutelako, beraien target-a beste bat zelarik.
Beatles-en zoramenak eta maitasun eta gerra oihuak nonahi ziren, eta feministen kolektiboak indarrez kritikatu bazuen ere, Barbie-k ordezkatzen zuen bizimodua modan zegoela erakutsi behar zuen Mattelek, nahiz eta herrialde osoa hankaz gora zegoen. Tinko mantendu zen zurrunbilo horretan. Hala ere, aski jakina da bai musikan, baita artean eta baita beste hainbat esparruetan aldaketa bortitzak gertatu zirela Estatu Batuetan, beraz, Barbie-k ere diamante eta soineko arrosak etxean gorde eta look berria estreinatuko du, gona motza, hile soltea eta uztai-belarritakoak egokiagoak baitziren une hartan. Nahiz eta ez zuen garaiko gazteriaren bizimodu zehatza erakusten, ez baitzuen marihuana erretzen ezta “Etxe Zuriaren” parean protesta egiten, neskato idealaren irudia eman zuen, guraso askoren onarpena lortu zuelarik. Gainera, emakumearen askapenean ematen ari ziren hastapenak igarri daitezke Barbie-k 1967an kaleratu zuen modelo berrian, non panpinak gerria, belaunak, ukondoak, lepoa eta eskumuturrak artikulatuak zituen, emakume dinamikoaren, dantzaria den eta lurra gogor zapaltzen duenaren isla zabaltzeko.
Normala denez, publizitatearen garrantziaz aski ohartuak ziren enpresa jabeak, eta Mattel-ek ere 12 milioi dolarreko inbertsioa egin zuen soilik Barbie promozionatzen, gainera, neskatoek beraien Barbie-ak berritzen ez zituztenez, deskontuak eskaini zituzten Barbie berria erostean zaharra entregatu ezkero. (1.50 dolarreko deskontua egiten zen, zehatzago izatearren). Horrela, etxe ezberdinetan zeuden panpinak garaiko errealitatera hurbildu ziren, iraganekoak atzean utziz.

Urte bete barru, 1968.urtean, beste gatazka sozial bat nagusituko da Estatu Batuetan. Arraza beltzeko herritarrek, merezimendu osoarekin, beraien lekua exijitu zuten gizartean, eta honek ere bere denbora behar izan zuen finkatzeko. Barbie-k azkar erantzun zion honi Christie merkaturatuz, Barbie-ren lagun afro-amerikarra. Askok sarkastikoki kritikatu zuten arren, Christie-ren salmenten emaitzak izugarri onak izan ziren, izan ere, herrialdeak azkar igarri zuen eskubide zibilen “moda” hori ez zela joera hutsa, benetan serioki hartu beharreko kontzeptua zela baizik. Martin Luther King eta Malcom X bezalako aktibistak izan ziren mugimendu honen eredu eta adibide.

Hamarkadaren amaieran, Barbie-k bazuen mutil laguna, adiskide talde bat eta baita zaleen klub bat ere, 600.000 bazkidetik gorakoa. Bakoitzak bere pertsonalitatea eman zion Barbie-ri, eta ziur aski, hauxe izan zen arrakasta handi horren arrazoi nagusietako bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario