jueves, 26 de noviembre de 2009

IKERKETAREN ONDORIOAK

Azterketa eta ikerketa lan hau burutu ondoren, argi asko jakin daitezke ondorio nagusiak zeintzuk diren. Alde batetik, Estatu Batuen historia eta Barbie panpina loturik egon dira azken 50 urteotan, ez modu zuzenean, baina bai zeharka. Hau da, Bigarren Mundu Gerrak, Gerra Hotzak, eta Vietnam-eko Gerrak Amerikar gizartean sortu zuten giroa, ohiturak eta bizitzeko era zuzenean islatzen dira Barbie-k bere jaiotzan izan zituen paperekin. Gainera, mugimendu sozial ezberdinak ere erakutsi ditu bai look-ean, baita bere inguruan egin den publizitatean ere, adibidez, gerra, bakea, ingurumena eta etnia ezberdinen inguruan iragarkiak egin ditu Mattel-ek, garaiko mugimendu berritzaileen ondorioz.

Bestalde, marketinaren eta, batez ere, gizarte baten ezagupen egokiaren ezagupena izugarri garrantzitsua dela ondorioztatu dugu, beti ere salmenten munduari begira. Barbie-ren bizi iraupen luze hau gizartearen isla izan denari atxikitzen diogu, izan ere, hortik urrundu den bezain laster, salmentetan beherakada nabariak jasan behar izan ditu Mattel-ek, gaur egun gertatzen ari den bezala.

Azkenik, iragarkiak aztertzean, konturatu gara aldaketa handia egon dela hasierakoetatik gaur egunekoen arte, baina ez estetika edo aurrerapen teknologikoen inguruan, baizik eta produktua aurkezteko moduan. Hasiera batean, iragarkiak guztiz informazionalak ziren, produktua erakusten zen eta bere erabilpenak deskribatzen ziren. Beranduago ordea, kontzientzia pizten ahalegindu dira publizitatearen bitartez, eta itxuraz informazionalak diren iragarki horiek, balore kontsumista asko dakarte atzetik. Honek argi eta garbi erakusten du zein izan den publizitatearen bilakaera ordutik gaur egunera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario