jueves, 26 de noviembre de 2009

BARBIE LEHEN ETA ORAIN, 70-80. HAMARKADAK

Hirurogeita hamargarren hamarkadan, iraultza sexuala eta emakumearen askapena denen ahotan zegoelarik, Barbie-k look aldaketa garrantzitsua jasan zuen. Begirada firmea jarri zitzaion aurpegian emakume sumisoaren irudiarekin bukatuz, eta arropa psikodelikoez hornitu zuen bere armairua. 1971. Urtean, Barbie-k parez-pare begiratzen zion munduari, anbizioz. Vietnam-eko gerrak pizturik jarraitzen zuen eta nerabeek “pasotismo” joera bat hartu zuten. Droga haluzinogenoak zabaldu ziren eta oraindik ere ez zen lasaitasun politikoa lortu. Aldaketa bat espero zen panpinarengan, etorkizunaren irudi bat islatuko zuena, tendentzia berriak ekarriko zituena.

Hau gutxi balitz, Mattel-ek krisi garai bat jasan zuen. Panpinen salmentak tinko mantendu baziren ere, enpresa barruan zailtasun ekonomiko handiak izan ziren, ia lurra jo zuelarik. Ruth eta Elliot Handler, enpresaren fundatzaile eta zuzendariak, Mattel-etik kanporatuak izan ziren 1974. Urtean, epaimahai batek enpresarentzat kaltegarri izan zen iruzur baten errudun izendatu baitzuten Ruth, datu ekonomikoak faltsifikatu zituelako urte batzuk lehenago. Ruth izan zen berak sortu zuen enpresaren suntsitzaile eta panpina maite zutenen fedeak soilik bueltatu zezakeen Barbie gailurrera.

Kide berriak kontrola hartu zutelarik, Barbie-k beste aldaketa fisiko bat jasan zuen, itxura “freskoago” bat erakutsiz, gazteriak ere makillajea erabiltzeari utzi baitzion. Beraz, hasierako Glamour hori galdu zuen pixka bat. Gainera, “Barbie hondartzan” deituriko modeloa kaleratu zen, lasaitasun kutsua emanik, kaosean murgilduta zen Amerika batean. Bestalde, emakumearen papera zabalduz joan zen kirolaren munduan, gero eta profesional gehiago zegoen arloan. Hau horrela izanik, bi milioi dolar inbertitu ziren Barbie eta 1975. Urteko Neguko Olinpiadak lotzeko. Urteko atleta izan zen, igerilari, patinatzaile eta eskiatzaile izan zen urte berean, eta, nola ez, lepoan urrezko domina distiragarria zekarren. Honela lortu zuen berriz ere Barbie-k, urte bete aurrerago galdu zuen irudi ona.
Hain izan zen garrantzitsua bere papera Amerikar gizartean, nazioaren berrehungarren urteurrenaren ospakizunean, “American Time Capsule”-an erregistratu zela, honela Estatu Batuetako historian betirako agertuz. Paradoxikoki, Hollywood-en aro indartsuan, Ken-ek Robert Redford-en antza izugarria zuen, eta Barbie “Los ángeles de Charlie” telesaileko ilehoriaren berdina zen, gainera, gidabaimena ere atera zuen.
Garai zailetan ere irudi garbi bat mantentzeko gai zela erakutsi zuen Barbie-k, eta dudarik gabe, amerikarren ikonoa izaten jarraitu zuen hamarkada osoan zehar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario