jueves, 26 de noviembre de 2009

BARBIE LEHEN ETA ORAIN, MILURTEKO BERRIA

2000. urteak aldaketa asko ekarri zituen. Barbie ere, aldatu zen, nola ez. Urteetan zehar Amerikar emakumearen isla izan zenak, aldaketa sozial, kultural eta politiko bortitzei aurre egin zienak, hainbat eta hainbat neskatilaren jostailu maitatuena izan zen gaztetxo ilehori horrek, gizartearen ispilu izateari utzi eta fantasia mundu batean murgilduko da, bete-betean. Rol sozialak islatu beharrean, printzesa kantari bat bihurtuko da, lami bat izango da, baita maitagarri hegalduna ere.


Hainbat filma komertzializatuko dira eta ikurtzat, inoiz baino gehiago, arrosa kolorea izango du. Gutxika, eta aurrerago aztertuko diren arrazoi batzuez gain, salmentetan beherakada nabaria emango da. Izan ere, Amerikako eta mundu osoko neskatoak jada ez dira panpinarekin identifikatuta sentitzen, jada ez dute berarengan bilatzen etorkizuneko irudi hori. Lehiakideek ordea, bai. Lehiakideek lortu dute milurteko berriko emakume moderno eta independentearen irudia duen panpina sortzea eta bizimodu berri hori erakustea, ez hori bakarrik, gizarteak harrera itzela egingo dio, gainera.

Giro honetan, teknologiaren garapen geldiezinak hartu zuen abiadurara ere moldatu zen Barbie. Ordenagailuan arropak diseinatzeko softwarea merkaturatuko du, eta hainbat bideo-kontsolatarako jokoak ere diseinatuko dituzte Mattel-ekoek. Bestalde, Barbie-ren izenpean kaleratutako materiala gero eta anitzagoa da, eta mundu osoko moda diseinatzaile famatuek, -hauen artean, Jean Paul Gaultier, Paco Rabanne eta Custo- beraien talentua erabiliko dute panpina janzteko. Honez gain, Barbie-ren onarpen sozialak beheranzko bidea hartuko du hamarkada honetan.

Emakume independentearen irudi hori bilatuz hasiko da Mattel, eta horretarako eman zen lehen pausoa, mundu guztiko hedabideak prentsaurreko batera deitu eta Barbie eta Ken, bere mutil lagunaren arteko banaketaren berri eman zuen, jostailuaren ordezkariaren eskutik. Hala ere, salmenten beherakadak ez du tope egingo eta beherantz jauzten jarraituko dute. Honegatik, Barbie-ren rola birplanteatu beharko dute enpresakoek, irudi komertzialago, garaikide bat bilatu beharko dute, emakume burujabe eta “soltera” bat, fisiko eta itxura berria izango duena, konpetentziari aurka egingo diona. Honela jaioko dira 2007. urtean, “Barbie top model” eta “Barbie shopping boutique”.



Gaur egun ordea, batez ere fantasia mundu horretan jarraitzen du Barbie-k, hala ere, mundu osoko neskatilen bihotzak gatibatu ditu hamarkadaz hamarkada, baita guraso askoren diru zorroak ere. Bera da, askoren ustez, Coca Cola edo Malboro diren bezala, bere generoan garaile, beste batzuen ustez, beti izango da neurri perfektudun ilehori leloa. Ukaezina dena zera da, Barbie-k 50 urte bete ditu aurten eta ezin daiteke esan ez dela ikono izan, ezta ere ikono izaten jarraituko ez duenik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario